Joan zen ostiralean, uztailak 14 zabaldu zituen ateak Plazaetxeberri taberna-jatetxeak. Irekiera jendetsua izan zen, ederra. Orain martxan dute taberna eta aste honen bukaera aldera abiaraziko dute jatetxea ere. Asier Uribarri da kudeatzaile berria, eta hark eman du bere asmoen berri.
Inaugurazio ekitaldi handia izan zen ostiralekoa. Eñaut Elorrieta eta Ut! taldearen saioak izan ziren tabernan eta jendetza gerturatu zen, bai musikarien jarduna entzutera, baita tabernaren irekiera ospatzera ere. “Oso eskertuta nago. Jendetza gerturatu zen irekiera ekitaldira; lagunak, herritarrak… adin guztietako jendea izan genuen, eta zoragarria izan zen. Aurreko egun eta orduak tentsio handiz bizitu genuen, guztia prest izan nahi genuelako. Momentua iritsita, poztasun eztanda modukoa izan zela esango nuke, oso polita”.
Taberna dute martxan egunotan eta ostegunetik aurrera jatetxea ere martxan izatea espero dute. Eguneko menua eskainiko dute aste-egunetan, menu berezia asteburuetan. “Euskal sukaldaritza tradizionalean oinarrituko gara. Bertako produktuan oinarrituta arituko gara lanean. Esaterako, Herribizigune kooperatibak eskaintzen dituen produktuak ere txertatu nahi ditugu gure sukaldean”.
Herriguneari aisialdirako gune berria ere eskaini nahi dio Asier Uribarrik. “Udazken-negu aldera, Plazaetxeberri ekitaldi ezberdinak antolatzeko gunea izatea nahi dugu. Horretarako, inguruko eragileekin jarriko gara harremanetan: musika eskola, kultur taldeak… Plazaetxeberrin euren emanaldiak eskaintzeko aukera izango dute. Oso toki ederra da horretarako eta, herriguneari mugimendua emango diola iruditzen zaigu”, azaldu du Asierrek.
Oso eskertua ageri da Asier, zizurkildarrek egin dioten harrerarekin. “Garbiketa lanak egiteko eta behar ziren moldaketak egiteko, auzolan deialdia zabaldu zen. Jende asko agertu zen, eta lanerako gogoz guztiak. Erantzun hori ikaragarria izan zen niretzat. Maruri Jatabekoa naiz izatez eta inguru haietan galdua dago auzolanerako ohitura. Hemen baserri mundua hobeto mantendu da eta horrekin batera auzolanaren kultura ere mantendu egin duzuela iruditzen zait. Eskainitako laguntza guzti horri erantzuna ematea egokitzen zait orain niri”.
Taberna eta jatetxeaz gain, herriari eta herritarrei zabalik izango den txokoa osatu nahi du Asier Uribarrik Plazaetxeberrin. Zizurkilen biziko da eta pixkanaka, herria eta herritarrak ezagutzen ari da. “Harrera bikaina egin didate, eta oso eskertuta nago. Harrera horri erantzuna eman eta herriaren bizitzari nire aletxoa eman nahi nioke”, azaldu du.
Plazaetxeberri: 625 986 178