Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean gela bat atonduko da bizitzako lehenengo hilabeteetan dauden haurrek eta hauen gurasoek elkartzeko leku egoki bat izan dezaten. Espazio berri honek, haurrak mugimendu askean hezteko aukera eman nahi du. Otsailaren 7tik aurrera egongo da erabilgarri gela. 0-1 urte arteko haurra duten gurasoentzako, edo guraso izatekotan diren guztientzako da gonbidapena.
Kultura, Euskara eta Hezkuntza batzordean sortutako ekimena da hau. Aipatutako batzordearen bidez Kultur Etxeko gela bat atontzeko eskatu zaio Udalari. Egiari zor, gelaren egokitzapenak ez du lan handirik ez eta kosturik suposatuko. Izan ere, gune berri honen oinarrian jaioberriak mugimendu askean hezteko asmoa dago, eta heziketa pentsamolde honek horizontalitatea proposatzen du haurraren lehenengo hilabeteetarako. Hortaz, haurrak etzanda egoteko koltxoneta batzuk ahalbidetuko dira.
Haurraren erritmoa errespetatuz
Mugimendu askeak defendatzen duena, haurraren erritmoa errespetatu eta helburu guzti hauek bere kabuz lotzeko aukera ematea da. Teoria honen sortzailea Emmi Pikler pediatra izan zen. Bere ikerketen bidez ondorioztatu zuen, haurra gai dela bere motrizitate guztia, ibili artekoa, bakarrik garatzeko. Haurra, psikologikoki eta fisikoki gai denean lortuko du esertzea, lau-hankatan ibiltzea edota oinez hastea.. Haurrak egun gutxirekin egiten dituen behatzen mugimenduak ez dira mugimendu soilak, bere gorputza deskubritzen ari da, eta inguruaz jabetzeko pausoak ematen. Horregatik, mugimendu askearen teoriak dio haurraren ekintza horiei arreta eskaini behar zaiela, eta oso garrantzitsua dela haurrak gurasoekiko errekonozimendu hori sentitzea, bere buruaren eta inguruaren behaketa egiten jarrai dezan. Gela berri honek gurasoen begiradapean mugimendu askea esperimentatzeko espazioa eskaini nahi die haurrei. Gela otsailaren 7tik aurrera egongo da erabilgarri. Egun honetarako jarri dute ekimenean interesatutako gurasoek lehenengo hitzordua. Ez dago ez izena eman beharrik ez eta bestelako konpromisorik hartu beharrik ere. Gunea irekia izango da, asistentzia librea, eta sartu-irtenetarako ez da mugarik egongo, gela erabilgarri dagoen ordutegiaren baitan beti ere: 17:30etatik 20:00etara zabalik egongo da astearte, ostegun eta ostiraletan.