1993an senidetu zen Zizurkil Salvadorko Segundo Montes komunitatearekin. Berehala, 1994an, Aduna eta Asteasu gehitu zitzaizkion. 2009. urtean, senidetze hori Aiztondoko bailara osora hedatu zen, Villabona ere bertan sartu baitzen.
2009tik aurrera, urtero Senidetzearen Eguna egiten da maiatzean, eta 4 udalerrik bertan parte hartzen dute. 2011n, Villabonak antolatu du. Salvadorko ordezkariak etortzen dira egun horretan eta Aiztondoko ordezkariek ere tarteka bisitatzen dute Segundo Montes, azken finean, senidetzea esperientzien trukea baita, bi aldeek baitute bestearengandik ikasteko aukera. Bide horretan, azpimarratzekoa da bai San millan eskola eta baita Pedro Maria Otaño ikastetxea ere Segundo Monteseko ikastetxe batekin anaieratuta daudela.
Segundo Montes komunitatea, 80. hamarkadan Salvadorren lehertu zen gerrak gogor kolpatu zuen komunitatea da, herrialdeetik ihes egin behar izan baitzuten, eta itzulti zirenean,Meanguera herrian kokatu ziren. Segundo Montes izena itzultzera animatu zituen jesuita baten omenez jarri zuten. Geroztik, esfortzu handiz aurrera egin dute. Horretan lagungarri izan dira, Zizurkilek eta Aiztondok bultzatuta egin diren zenbait azpiegitura lan, ur hornikuntza etxeraino eramatea hain zuzen.