Astelehena, azaroak 25, indarkeria matxistaren kontrako eguna da. Zizurkilgo Udalak bat egiten du mugimendu feministak astelehenerako egin dituen deialdiekin. Lehen mailako gizarte arazoa da indarkeria matxista, 4 hilketa eragin dituena aurten Euskal Herrian. "Hildakoak gainera, iceberg-aren punta soilik dira, indarkeria matxista eguneroko ogia baita gure jendartean, baita Zizurkilen ere", azaldu dute Udal gobernutik. Aiztondoko mugimendu feministak hainbat herritan egin ditu deialdiak, Zizurkilen, Joxe Arregi plazan izango da, astelehena, hilak 25, iluntzeko 19:15ean. Bertan aurten erahil dituzten emakumeei omenaldia egingo zaie. Zizurkilgo herritarrei horrelako kontzientziazio eta salaketa ekimenetan parte hartzeko deia egiten die Udalak, gizarte bidezkoago baten bidean urratsak emateko.