2012an ere gora egin du errenta aitorpena euskaraz egin dutenen kopuruak. Guztira, 5.227 lagun izan dira, iaz baino 681 gehiago. Kopuru horietan, segur aski, eragina izan du “Aurten noraino?” kanpainak. Izan ere, azken urteetan bezala, Tolosaldeko 17 udalek, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Kontseiluak kanpaina bat egin zuten, herritarrek deklarazioak euskaraz egiteko. Kanpainak goranzko joera nabarmentzen zuen, eta horregatik jarri zioten lelo hori: “Aurten noraino?”.Villabonan zehazki, 477 izan dira errenta aitorpena euskaraz egin dutenak, Zizurkilen 271k, Asteasun 213k, Adunan 74k eta Larraulen 27k.
Urtez urte gorantz doa kopurua: 2010ean 4.000ko langa gainditu zen; 2011n, 5.000koa gainditu da, eta, martxa honetan, hurrengo urtean 6.000 baino gehiago izatera iritsiko gara. Goranzko joera, gainera, orokorra da: eskualdeko 28 herrietatik 24tan handitu egin da euskarazko deklarazioen kopuruak, eta bitan berdin geratu da.
Kanpainarako hainbat baliabide erabili ziren: esku-orriak banatu ziren etxez etxe, prentsan iragarkiak jarri ziren, eta, Tolosan, autobusek ere eraman dute kanpainaren aldeko mezua. Gainera, Tolosaldeko udaletako eta euskalgintzako kideek agerraldia egin zuten, kanpainari sostengua ematen ziotela adierazteko.
Emaitzak onak izan direla ikusita, eragileek elkarlanean jarraitzeko borondatea azaldu dute, eta, ondo bidean, hurrengo urtean ere errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina bultzatuko dute.