Pello Mari Otañori buruzko "Ombuaren itzala" pelikula grabatzen ari dira Patxi Bisquert aktore eta zinemagilearen zuzendaritzapean. Gaur eta bihar artean Zizurkilgo herriguneko hainbat txokotan izango dira filmatzen: hilerrian, elizaren barrualdean eta Errekalde baserrian, Pedro Mari Otaño bertsolariaren jaiotetxean, hain zuzen ere. Pelikulak Pedro Mari Otaño zizurkildarraren bizitzako azken 20 urteak hartuko ditu ardatz, 1890etik 1910era, bertsolariarentzat zein Euskal Herriarentzat erabakigarria den garaia. Foruen desagerpenak, krisi ekonomiko sakonak eta gazteen emigrazioak markatu zuten garai hori, baina Otañorentzat sormen handiko garaia ere izan zen. Bisquertek azpimarratu duenez, "giro hura erretratatzea oso aberasgarria izan daiteke, gure zineman oso gutxi jorratzen den garaia baita". Filmaren helburua, Otañoren irudia ilustratzeaz gain, garai hartako testuinguru soziala eta gorabeherak ezagutaraztea ere bada. Proiektua crowdfoundingaren bidez finantzatu da eta Zizurkilgo Udalaren babes ekonomiko izan du, bertako kulturarekin eta ondarearekin den konpromisoa berretsiz. Maite Amenabar alkatearen arabera, "gure herriaren memoria kulturala aberastuko duen ekimena da hau".