Otsailaren 13ko ez ohiko bilkuran onartu zen EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-ren aurkako botoarekin.
3.739.444€ko aurrekontua izango du Zizurkilgo Udalak aurtengorako, iazkoa baino %10 txikiagoa. Aurrekontu murrizketa hori bi faktorek azaltzen dute, gastu mugaren berrezarpenak eta pandemia aurreko arau fiskalen itzulerak batetik, eta bestetik, aurtengorako ez dela dirulaguntza berezirik aurreikusten. “Aurrekontu zuhurrak dira, ez da mailegurik eskatuko eta horrek kontuen estutze bat ekarri du”, onartu du Maite Amenabar alkateak. “Ez da ezer berria, azken legealditan EH Bilduren eredua hori izan da oro har, eta horri esker buelta eman zaio beste batzuek utzitako zorrari” gehitu du. Era berean Udalaren osasun finantzieroa azpimarratu du “gerakina badu Udalak eta horrek emango digu aukera aurten bertan aurrekontuetan partida txikiagoa duten egitasmo batzuk indartzeko, beharren arabera, lasaitasuna transmititu nahi diet herritarrei”.
Lehentasunak
Aurrekontu estuagoak izanda, oinarriak finkatu ditu Udal gobernuak. “Argi izan dugu herriko elkarteei eta Udal partzuergo edo parte garen mankomunitateei ez geniela ekarpena murriztu nahi, Udalak horiek babesten jarraitzea garrantzitsu ikusten dugu”. Ondorioz, inbertsioei dagokionez, ez da diru multzo zabala aurtengoan, 252.000 euro pasakoa. “Bulandegi bidean Pasus inguru hori behin betiko amaitzeko partida bat jaso da. Eta urte amaieran edo hurrengoaren hasieran ekingo zaio P.M Otaño ikastetxean hasi eta behera doan zatiari”. Amenabarrek azaldu du Udal gobernuak inoiz baino argiago utzi dituela lehentasunak legealdi hasiera honetan. “Legealdi plana aurkeztean argi utzi gehuen Bulandegi zutabe bat zela eta era berean 2024 urte hau proiektuak egiteko urtea izango zela”
Proiektu andana
Proiektuak egiteko diru partida hainbat jaso dira aurrekontuetan. Atxulondoko eraikinaren efizientzia energetikoa lantzeko, Plaza Etxeberri eraikinaren lehen konponketa egiteko edo aipatutako Bulandegiko bidekoetarako jaso dira partidak. “Proiektu zehatzak izatea ezinbestekoa dugu dirulaguntzak eskatzeko” azaldu du alkateak. Horrez gain, beste atal batean dirua jaso da baserrietan banaketak egiteko arau aldaketak gauzatzeko txostena egiteko. “Legealdi plana jarraitzen ari gara, hori da gure konpromisoa herritarrekin”.