Zizurkilen hain nabarmena den saihesbidearen eskaria eraman du ostera Udalak Aldundira. Urtarrilaren 18an egin zen bilera Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan. Maite Amenabar eta Joxe Mari Luengo Zizurkilgo Udaleko alkate eta alkate ordea, Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Zizurkilgo Udaleko arkitektoa eta abokatu izan ziren eskualdeko ordezkari. Aldundiaren aldetik berriz Maria Ubarretxena bide azpiegitura diputatua eta Mikel Uribetxeberria plangintza zuzendaria.
Saihesbidearen auziak azken hamarkadetan izandako ibilbidea gogoratu zieten Udal arduradunek, egun Zizurkilek herri erdigunetik jasaten dituen trafikoaren datu eguneratuak eskaini eta Udalak zein herritarrek urteetan egindako eskariak azpimarratuz. Asteasuko industria poligonoak trafikoan duen eragina azpimarratu zen eta horrek dakarren garraio astunaren arazoa, baita Aldunditik egin diren bete gabeko promesak ere. “Duela 15 urte egin zen proiektua erabat zaharkituta dagoela badakigu bi aldeok, baina gaiari heltzeko eskatu genien, zizurkildarron bizi kalitateari eta herriaren etorkizunari begira ezinbestekoa dela”, azaldu du Maite Amenabar alkateak.
Horrez gain, Bulandegi bidea eraldatzeko abian den proiektuaren berri eman zieten Aldundiko arduradunei, saihesbiderik ez izateak zailtzen eta baldintzatzen dituen lanak direla gogoratuz. Era berean segurtasunari lotutako beste hainbat eskari jarri ziren mahai gainean: Abiadura murrizteko moduak Elbarrenan, Olentzo inguruko biribilgunea, Olentzo eta herrigunea lotzeko bidegorria… “Aldundiaren eskumena diren bideetan behar handiak ditugula ikusten dugu herri gisa, eta guztiaz hitz egin ahal izan genuen, txosten eta datu mordoa azaldu eta eman genizkien eskura, baita erregistratu ere Aldundian”, adierazi du alkateak.
Bilera adeitsua eta emankorra izan zela dio Amenabarrek eta erantzuna agindu zietela Aldunditik. “Ulertzen dugu saihesbidea ez dela urte batetik bestera egingo, baina prozesua ostera martxan jartzea nahiko genuke, eta bien bitartean, gure herriko bide segurtasuna hobetzeko beste neurri edo proiekturen bat ere abian jartzea. Horretarako Udalaren elkarlan eta borondate guztia izango du Aldundiak”. Zizurkilgo Udalak, legealdi plana aurkeztutakoan agindu zen bezala, Gipuzkoako Aldundiaren erantzuna izan bezain pronto herritarrei jakinaraziko die, saihesbidearena Udalarentzat zein herriarentzat lehentasunezko gaia delako.