Hainbat langile dabil herriko kaleetan egunotan. Iraupen luzeko langabetuen gizarteratze eta laneratzeko programan parte hartzen ari diren pertsonak dira eta lan ezberdinak egiten ari dira herrian barrena.
‘Lanean Tolosaldean’ programa martxan du Tolosaldea Garatzen garapen agentziak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten langabetuak laneratzeko laguntza-programa pilotua jarri zuen abian, eta bertan parte hartzeko gonbita bidali zion Tolosaldea Garatzen elkarteari. Programa martxan dago dagoeneko eskualdean, eta 10 pertsona ari dira bertan parte hartzen.
Programa horretan parte hartzen duten pertsonek, formakuntza eta lan saioak jasoko dituzte. Tolosaldea Garatzen arduratu da formakuntza saioak eskaintzeaz, eta Tolomendik bideratuko ditu lan saioak. Tolosaldeko udal guztietan egingo dituzte lan saioak programako parte hartzaileek. 2022ko abenduan sinatu zuten lankidetza hitzarmena Zizurkilgo Udalak eta Tolomendik eta, hitzarmen horren baitan, egunotan Zizurkilen ari dira programako parte hartzaileak.
Lan ezberdinak Zizurkilen
Hamar pertsona ari dira parte hartzen programan eta lan ezberdinak ari dira egiten egunotan Zizurkilen. Bulandegi nahiz Ubareko eremu ezberdinetako lurraren garbiketa lanetan aritu dira egunotan, besteak beste. ‘Lanean Tolosaldean” proiektuaren baitan, parte-hartzaileek ikasi beharreko lanbidea eraikuntzaren sektorean kokatzen da. Proiektuan parte hartzen duten pertsonek zeregin hauetan lan ezberdinak egin ahal izango dituzten euren ibilian. Zerbitzu anitzeko peoiak, eraikuntzako langileak, eraikinak eta beste egitura batzuk pintatzea, iturgintza, igeltserotza, edota hiri-espazioak mantentzea. Zizurkilen arituko dira datozen egunetan, lan ezberdinetan trebatuz eta esperientzia hartuz.