Uda gerturatzen ari da eta ekitaldiz betea dator hilabetea. Asteburu honetan ere izango da zertaz gozatua.
Gaur arratsaldean zabalduko da, Plazida Otaño liburutegian, Santi Esnaola margolari billabonatarraren margolanak. Ekainaren 23ra arte izango da zabalik, liburutegiaren ohiko ordutegian. Liburutegian bertan, ikusgai daude dagoeneko ‘Motxila Ibiltaria’ ekimenean parte hartzen duten gaztetxoen lanak.
Kirolak protagonismo berezia izango du asteburuan zehar. Esaterako, ostiral goizean, ‘Pausoka, adinak ez du inporta’ ekimena izango da martxan. Adinekoei zuzendutako ekimena da; bidegorrian barrena ibilalditxoa egin ondoren, elkarrekin hamaiketakoa egiten dute. Arratsaldean, gaztetxoen txanda iritsiko da; Danena futbol taldeak ate irekien jardunaldia ospatuko du eta larunbatean, Danena Eguna izango da gozagarri. Goizean, ginkana eta jolasak izango dituzte, ondoren futbol partidak eta eguerdian elkarrekin bazkalduko dute Joxe Arregi plazan.
Igandean, ekainak 4, Andatza Ezkeltzu Bizirik elkarteak antolatuta, Ezkeltzu ingurua ezagutzeko ibilaldia egiteko aukera izango da. Bertako hegaztiak, landareak eta ondare arkeologikoa hobeto ezagutzeko aukera izango da, adituen eskutik.
Azkenik, gogoan izan ‘Oporretan euskaraz’ ekimenean parte hartzeko izen ematea aste honetan amaituko dela. Horretarako, Udal bulegoetara jo beharko da.