Estalpea egin osteko asmoetako bat zen Zizurkilen asteroko azoka baten aukera aztertzea. “Gorabehera eta data saltsa ibili dugu, baina, azkenean, aldeekin hitz eginda, ostegun goizetan egitea erabaki da. Hasieran postu gutxirekin hasiko gara, baina pixkanaka indartzea da asmoa” azaldu du Iker Urruzola alkateak. Fruta postu bat, fruitu lehorrak, bakailao postu bat, eta herriko baserritar batekin hastea da asmoa. “Goizez izango da, 09:00etatik aurrera, ostegunero. Bertan parte hartu nahi duen orok izango ditu irekita gure ateak, eta herritarrei ere, noski, bertaratzeko deia egin nahi diegu”, azaldu du Urruzolak.