Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du apirilaren 11n hasiko direla Andoain eta Zizurkil arteko bidea konpontzen, GI 3610 errepidea, hain zuzen. Pare bat asteko lanak izatea aurreikusten dute eta egunez egingo dituzte, goizeko 08:00etatik iluntzeko 19:00etara. "Honek arazo handiak ekarriko ditu trafikoan, Zubimusu zubia itxita dagoenez baina ezin dugu gehiago itxaron eta Udaletik presa sartu diegu", azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak. Errepideko lurzoruaz gain, abiadura murrizteko neurriak ere aztertzekotan geratu da Aldundia. "Horiek izan dira Bulandegiko bizilagunen bi eskaera nagusiak eta urgenteenak", azaldu du alkateak. Udalak pazientzia eskatu die herritarrei, ezinbesteko lanak direlakoan.