Azken zortzi urteetako joera hautsiz, Udal taldeak ez du mailegurik eskatu legegintzaldi osoan.
Nerea Lizarraga alkate ordeak egin du kudeaketa ekonomikoaren balantzea. Lehenengo atzera begira jarri da. “2011ko ekainean Udal gobernura iritsi eta auditoria bat egin genuen. Datuak hotzikara emateko modukoak ziren. Bankuekin ia 3 miloi euroko zorra eta Aldundiarekin 466.000 ko zor pilatua. 3.300.000 €ko zorra guztira. Zizurkilen orduan 2.700 biztanle inguru zituela kontuan hartuta biztanle bakoitzak 1.000 eurotik gorako zorra pilatua zuen. Beste era batera esanda Gipuzkoako herririk zorpetuenetakoa zen”. Lizarragak azpimarratu du gainera, atzeratutako faktura eta ordaindu gabeko hitzarmenak zituela Udalak. “Ezin dugu diruz zenbatu, baina 2010eko faktura ugari guk ordaindu genuen”.
Zorra bera ez zen arazo bakarra ordea. “Muineko arazoa zera zen: Maria Angeles Lazkano alkate jarri zenetik, urtero-urtero, 2003tik 2010era mailegu bat eskatu zuela. Alegia, Udala ohituta zegoen bere ahalmenen gainetik gastatzen etengabe, ez zen bideragarria”.
Txoke plana
Egoera horren aurrean eta gehiago ezin zutela zorpetu ikusita txoke plan bat prestatu zuen Udal taldeak. 4 neurri nagusi aipatu zituen Lizarragak. “zinegotzien dietak kendu genituen EAJren kontrako botoekin (220.000 euroko aurrezpena ekarri du legealdian), faktura eta kontratu guztiak gainbegiratu genituen (125.000 euroko aurrezpena urtero gastu arruntean), batzordeei %10 jaitsi zitzaien aurrekontua eta inbertsioetarako irizpide bat jarri zen: Ez zen egingo diru laguntza sendorik ez zuen inbertsiorik”.
Honela, zortzi urteetan lehen aldiz, 2011 mailegurik gabe amaitu zen. “Urte hartan 600.000 euro gastatu genuen bakarrik zorra ordaintzen, gure aurrekontuaren %20a. Baina orduan jarritako oinarriei esker gaur esan dezakegu legealdi osoan ez dugula mailegu bat bera ere eskatu”.
Zorra erdira
Honela, Udalak bankuekin 1.700.000€ko zorrarekin amaituko du legealdia eta Aldundiarekin zorrak kitatuta. Erdira jaitsi da beraz zorra. “Fakturak berriz, ohiko epeetan ordaintzen ditugu. Alegia, zorra erdira jaisteaz gain, garrantzitsuena da Udala ekonomikoki bideragarri egin dugula, noiz eta krisi urte gordinenetan”.
Etorkizunera begira gainera baikor dira Udal gobernutik. “Aurtengo aurrekontuetan ikusi da inbertsioetarako diru gehiago dugula zorrera gutxiago bideratzen dugulako eta Aldunditik ere, lan onari esker, diru gehiago datorrelako. Zizurkilentzat urte oparoak behar dute datozenak kudeaketa honi eutsiz gero”, azpimarratu du Lizarragak.
Galderak Lazkanori
Maria Angeles Lazkano berriz alkategai dela ikusita, kezka azaldu du Udal gobernuak. “Asko kezkatzen gaitu ZULO HANDI hau egin eta Udalean funtzionatzeko era hau jarri zuena berriz aurkezten dela ikusteak inongo autokritikarik egin gabe. Asko kezkatzen gaitu lau urteetako lana eta Zizurkilen etorkizuna berriz hipoteka dezakeela pentsatze hutsak”. Hainbat galdera helarazi ditu Lizarragak. “Zertarako zorpetu zen Udala urtero urtero? Zertarako eskatu ziren maileguak? Urtero proiektu bat? Uste dugu zizurkildarrok erantzuna merezi dugula. Gauza asko egin zituztela esatea herritarrak tontotzat hartzea da”. Proiektuen kaxoia hutsik dagoela esanez Lazkanok egindako adierazpenei ere erantzun die Lizarragak. “Liburutegi berria, Plazako estalpea, Atxulondoren birmoldaketa, P.M. Otaño plazako hiritartzea eta etxebizitzak, Oria ibaiaren berbideratzearen lehen fasea... Proiektu batzuk aipatzea nahikoa da argumentu hori gezurra dela ohartzeko”.
ESKAERA URTEA /año de inicio |
ALKATETZA /alcaldia |
MAILEGUA (€) /préstamo |
2003 |
PNV |
495.038€ |
2004 |
PNV |
731.185 € |
2005 |
PNV |
238.305 € |
2006 |
PNV |
116.000€ |
2007 |
PNV |
596.770 € |
2008 |
PNV |
514.500€ |
2009 |
PNV |
670.000 € |
2010 |
PNV |
130.000€ |
2011 |
BILDU |
0,0€ |
2012 |
BILDU |
0,0€ |
2013 |
BILDU |
0,0€ |
2014 |
BILDU |
0,0€ |
AZKEN 3 LEGEALDITAN ESKATUTAKO MAILEGUAK
PRESTAMOS DE LAS TRES ÚLTIMAS LEGISLATURAS