Argudioteka liburuxka bat da, eta bertan ageri dira Zizurkilgo euskararen ezagutza-datuak, azkena egindako kale-erabileraren neurketako datuak, euskararen arnasguneei buruzko artikulu bat eta euskara erabiltzera bultzatzeko arrazoiak.
Herriko 3 ikastetxeetara eraman dira argudiotekaren aleak, eta guraso euskaldunak dituzten etxe guztietatik igaro dira. Etxe bakoitzean astebetez egon da, etxeko kide guztien artean lantzeko. Argudiotekaz gain, inkesta txiki bat ere pasa zaie familiei, iritzia emateko eta euskararen erabilera bultzatzeko proposamenak egin ahal izateko.
Oro har, oso balorazio positiboa jaso du argudiotekak, eta proposamen interesgarriak atera dira gurasoen aldetik.