Urte berriarekin batera, ostiralero, emakumeei zuzendutako entrenamendu gidatuak hasi dira Zizurkilen. Azken urteetan ohiko bihurtu dira Gipuzkoako herrietan emakume korrikalarien taldeak. Talde hauen asmoa emakumezkoak korrika egitera animatzea da. Finean, korrika egiten hasi nahi duenari egitura bat eskaintzen zaio. Beste era batera esanda, korrika bakarrik aritu beharrean kirol hau egiteko lagun talde bat da eskaintzen dena. Horretaz gain, talde hauek entrenatzaile edo gidari bat izaten dute, emakumea hau ere. Bada, Zizurkilgo Udalak ere herrira ekarri du ekimen hau. Astean behin dira saioak; ostiraletan, 18:30etan. Bertaratzen den emakume taldearen gidari eta aholkulari berriz, Aitziber Ibarbia korrikalari zizurkildarra ari da.
Doan
Izena ematea ez da beharrezkoa, eta ez da zentimorik ere ordaindu behar. Gogoa jarri eta hitzordura azaltzea da baldintza bakarra. “Gure helburua, herriko emakumeei lagun giroan kirol hau praktikatzeko aukera ematea da. Eta argi utzi nahi dugu, entrenamenduak ez direla lehiaketari begira izango, eta ez dela gutxieneko kirol maila bat izan behar. Korrika hasi nahi duten emakumeei zuzendutako ekimena da. Beraz, hemendik animatzen ditut denak proba egitera” dei egin du Aratz Alkorta kirol zinegotziaK. Honenbestez, neska, zatoz korrika!