Pello Mari OTaño bertsopaper lehiaketako helduen mailan lehiatu zen Ekaitz Goikoetzea Asuraberrena, bigarren postua eskuratuz. Jarraian, aurkeztu zuen bertso-sorta:
EKAITZ GOIKOETXEA ASURABARRENA
DENA ONDO DOANEAN
Doinua: ETAren SU-ETENETIK
1. Beti eraman ez nezan
mutxurdinaren katea,
nik ere pentsatu nuen
ezkondu eta bakea!
Gurutzatu nuenetik
epaitegiko atea
maiz asebete izan dut
besteen borondatea:
“Lisatuko al didazu
alkandora granatea?”
“Muxutxo bat ezpainetan?”,
“Bai laztana, bai maitea!”
Nekagarriegia da
zoriontsu izatea. (bis)
2. Ezkonberritan dena zen
hitz goxo eta lausengu,
baina hozten joan gara
sentimenduz sentimendu.
Nahiz urrezko eraztunei
kateatuta gauden gu,
buruak ez al zaizkigu
bihotzetatik aldendu?
Gogoan darabilguna
kanporatuko bagendu…
hogeit lau hilabete,
gehienera bi abendu,
betirako maitasunak
gutxiago irauten du. (bis)
3. Entsalada zozoegi,
ta hotzegi babarrunak,
ezin al zuen isilik
jarraitu isiltasunak?
Belarriko paretetan
itsastean oihartzunak,
argiak baino gehiago
erakusten du ilunak.
Garai bateko lurrina
estali ahala lurrunak,
denboraren igaroak
berdintzen ditu egunak…
Su txikitik beheko sura
egiten du maitasunak. (bis)
4. Basoan grifoko ura,
ahoan bi albondiga,
errutinari errukiz
eman diogu segida;
sukalderaino sartzen da
ilargiaren distira,
nor bere lora biltzea
baino ez dugu desira.
Bera izarrak biluzten
ta ni berari begira,
isilune hitzartuak
harremanak hori dira,
dena ondo doanean
bat gezurretan ari da. (bis)
5. Mahaigainak erakusten du
zer naizen ni, zer den bera,
postrerik gabe gelditzen
ari garen bi platera;
inoiz gutxitan amildu
ohi denez gerritik behera,
oroitzapen izoztu bat
besterik ez da plazera;
kausarik gabe ezin da
ondoriorik atera,
gure egunerokoan
azkarregi pasa gera,
elkarrengan egotetik
elkarrekin egotera. (bis)
6. Ez begirada, ez laztan,
ez keinu, ez irrifarrik,
gure artekoak ez du g
arai bateko indarrik;
dagoeneko ez dugu
amets egiten itzarrik,
gauden tokian egoten
badakigu, ta beharrik!
“Azken aukera bat nahi dut!”
“Ez zaidazu jo adarrik!”,
ez gaituzte salbatuko
bi alaba zoragarrik, g
aratzea ez da zu ta ni
gu izatea bakarrik. (bis)
7. Ez alabak ondo dauden,
ondo nabilen lanean,
ez deia zergatik hartu
didan zortzigarrenean;
lepo mugimendu soil bat,
irrifar bat onenean,
zer partekaturik ere
ez daukagu azkenean.
Orainik gabe gelditu
ginenez iraganean,
norantzak lausotu dira
gure hartu-emanean.
Elkarbizitza zaila da,
ezinezko ez denean. (bis)
8. Gure psikologo eta
gure laguntza-liburu,
errautsetatik txinpartak
piztu nahian dihardugu;
alferrik gaude balizko
mirakuluen aiduru,
luzamenduak deus onik
ez dakarrela seguru.
Hainbeste aitzakia ta
hainbeste itzulinguru,
bideak noiz behar duen
bide eta noiz helburu,
bereizten ez jakiteak
separatuko gaitu gu. (bis)
9. Diferenteak direnez
zubia eta tunela,
ur-jauzi bihurtu nahi dut
begietako umela…
Nork bere buruarekin
izan behar du fidela,
gainerakoekin nekez
izan liteke bestela.
Gure aurretik pausua
eman dutenek bezela,
distantzia ta denbora
hartu nahi ditut ahal dela,
hurbiltzetik hurbilago
egongo gara horrela. (bis)