P.M. Otaño bertsopaper lehiaketako alerik onenak; gaztetxoen mailako txapelduna

Beñat Mateos Zeberio asteasuarra izan zen Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketako garaile, gaztetxoen mailan. Hiru bertso osatu zituen gazteak, aktualitateari estu lotutako gai bati buruz. Gaia lantzeko aukeratutako modua saritu du epaimahaiak. Hona hemen, Beñat Mateosek prestatutako bertso sorta:

 

MUSUKOAREN BIZITZA

Egilea: BEÑAT MATEOS ZEBERIO

Doinua: ITSASOARI BEGIRA

 

1. Kaja batean etorri nintzen
fabrika batetik hona
ta erostera etorri ziren
ume bat eta aitona
musuan jarri ninduen eta
belarri atzean goma
ta nahiz lanean hasteko nuen
nik kriston ezinegona
pozik negoen, baina jabeai
kentzen nion zoriona.

 

2. Musukoakin espresioak
dira oso ezberdinak
ta begibistaz bihurtzen dira
zeharo bereizezinak:
aho aspertu edo tristeak,
irribarre atseginak…
aurpegierak ahoa gabe
direnez ulertezinak
emozioak egiten ditut
nik guztiz ikusezinak.

 

3. Zakarrontzira bota naute ta
hartu dut kriston sustoa
hau zen bigarren eguna eta
tamalez azkenekoa
jarraibidetan jartzen baitzuen
erabilera urrikoa
ta orain beste musuko batek
hartuko du lekukoa
askoz hobe zen izan banintza
ni telazko musukoa.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.