Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketako saridunak iragarri dituzte

Oihana Arana, Aner Peritz eta Beñat Mateos izan dira garaileak. Antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute abenduaren 4an egitekoazen sari banaketa ekitaldia


Musukoaren bizitza gaztetxoen mailan, Minaren ederra gazteenean eta Pluralean nabil helduen mailan, izan dira aurtengo Otaño bertso-paper sariketako sorta irabazleak.


Hernandorena Kultur Elkarteak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak antolatutako lehiaketak parte-hartze handia izan du VII. edizioan ere eta honako lan eta bertso-jartzaileak saritu ditu Harituz Bertsozale Taldeak osatutako epaimahaiak:

HELDUEN MAILAN:
1. SARIA: PLURALEAN NABIL. Oihana Arana
2. SARIA: DENA ONDO DOANEAN. Ekaitz Goikoetxea


GAZTEEN MAILAN:
1. SARIA: MINAREN EDERRA. Aner Peritz
2. SARIA: ANE PIRATA. Joar Garate


GAZTETXOEN MAILAN:
1. SARIA: MUSUKOAREN BIZITZA. Beñat Mateos
2. SARIA: ESKOLAZ KANPOKOAK. Mara Albistur


GELEN ARTEKO MAILAN:
1. SARIA: SUKARRA ETA PATATUSA. Abaltzisketako herri eskola
2. SARIA: GABONAK. Larraulgo eskola


Epaimahaia osatu duten kideek jasotako lanen aniztasuna eta kalitatea azpimarratu nahi izan dituzte. “Helduen mailan, esaterako, hamasei lan jaso dira eta gehienei intentzio komunikatibo handia antzeman diegu, sorta jorratzeko orijinaltasun eta dotorezia teknikoez gain”. Antolatzaileek aitortu dutenez, oso pozik daude jasotako lanen kopuruarekin eta lanen nolakotasunarekin eta hurrengo urteetan gaztetxo eta gazteen mailak indartzea izango da helburu nagusia.
Gelen arteko mailan, berriz, Abaltzisketako eskolako ikasleek sortutako Atxusa eta Patatusa sorta izan da garailea eta Larraulgo eskolako ikasleek eskuratu dute bigarren saria, Gabonak izeneko sortarekin. “Urtero moduan, irudimen handiko eta kontakizun ederreko lanak jaso ditugu gelen arteko mailan eta zaila izan da horietatik bi bereiztea”, aitortu dute epaimahaiko kideek.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 4an Zizurkil Goiko kultur etxean egitea aurreikusita zegoen arren, antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute COVID19ak eragindako egoera dela eta. Horren ordez, bertso-jartzaileek euren sortak bideo bidez grabatuko
dituzte eta horiek abenduko lehen astean argitaratuko dira Harituzen sare sozialetan eta tokiko hedabideetan.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.