Nafarroa hegoaldean ditu sustraiak Errigora ekimenak. Euskara ofiziala ez den gunean, hura babestu eta indartzeko sortutako ekimena da. Auzolana dute oinarri. Urtean bitan martxan jarritako kanpainen bidez, Nafarroan ekoitzitako produktuak saltzen dituzte Euskal Herrian barrena, bertako ekoizleei bultzadatxoa emanez. Ekimenaren helburu nagusia, bestalde, Nafarroa hegoaldean euskara sustatzea da. Saski bakoitzaren salneurriaren %25 bideratzen dute euskara sustatzeko ekimen ezberdinetara. Ekimenaren inguruko informazio osoa: www.errigora.eus
Dagoeneko zabalik dago udazkeneko saskiak eskatzeko garaia. Zizurkilen, Plazida Otaño liburutegian, Udal bulegoetan eta Iriarte tabernan egin daiteke eskaera, azaroaren 12a baino lehen. Azaroaren 30ean jaso beharko dira saskiak, 18:00etatik 20:00etara, Plaza Etxeberri etxearen alboko etxolan. Ordainketa ere bertan egin beharko da.