Martxoaren 21ean, larunbatean, igaroko da Zizurkildik, goizeko 8:45ean. Villabonako kiroldegiaren atzeko zubitik sartuko da Korrika Zizurkilen, eta Ugare auzoa zeharkatu ondoren, Ernio bidera iritsiko da. Bulandegi bidea zeharkatuz aterako da Korrika Zizurkildik, Adunarako bidean.
Zizurkilen, gainera, gonbidatu bereziek hartuko dute parte Korrikan; izan ere, 2014an egindako erraldoiek ere korri egingo dute gainerako herritarrekin batera.
Hala ere, festa ez da amaituko Korrika igaro ostean. 11:30ean hasita, musikaz girotuko da Joxe Arregi plaza; izan ere, kantu jirakoek abesten jarriko dituzte plazara biltzen diren herritarrak. Eztarriak gozatzeko, berriz, Korrika batzordekoek prestatutako hamaiketako goxoa, 12:00etan Joxe Arregi plazan. Euskara da kanpora eta denok Korrikara!